Nor naiz

Oskar Estanga EzkurdiaGaintza, 1978

14 urtera arte ez nintzen ia Gaintzatik atera. Nire arte zaletasun goiztiarra bertsotan garatzen hasi nintzen, ia gaur egunerarte aritu naiz horretan. Iruñera ikastera joanda, gitarrarekin hasi nintzen. Larraungo Gabari gaztetxea izan zen nire unibertsitate bokazionala, asanbladak, musika taldeak, entseguak, kontzertuak…

Magisteritza musikala ikasi nuen Iruñean, Euskal Kantuzaleen Elkartean lan egiten nuen bitartean. Eskoletako giroa gogorra egin zitzaidan eta nire lan hautua jendarteko harreman giroak garatzea izan zen, horretarako erabiliz: bertsoa musikarekin, euskal kantak, antzerkia, batukada, dj… Kaleko giroa gogorra egin zitzaidan ere, parranda, alkohola eta drogak, elikadura kaxkarra…

Bilaketari jarraiki, 2011an ezagutu nuen dantza librea eta maitemindu nintzen. Orduz geroztik, hamarnaka dantza festibaletara joateaz gain (Ibiza, Friburgo, Almería, Madrid, Paris…) disziplina ezberdinetan formatu naiz: DANTZA INTEGRALA, KONTAKT INPROBISAZIOA, RÍO ABIERTO, CONTAKIDS… Horretaz gain, dantza espazio zainduak izan dira nire aisialdi eta antolakuntza pasio, horretarako egon nintzen Euskal Herriko Kontakt Inprobisazio Elkarteko (EHKIE) sorkuntza eta garapenean, horretarako garatu dut nire ECSTATIC DANCE proposamena…

Azken urteetan Gestalt formakuntza egiteak guztiari oinarri sendoa ematen dionaren sentsazioa dut, nahastu xamar zegoen alderdi pertsonalari argi pixka bat jarriz. Landatutako guztia sendotzeko garaia datorrela dirudi.

Musika, hitza eta mugimendua pertsonon ongizateari bideratzearen bide honetan SORTETXEA izango dut orain kabi nagusi, aurrera ba!